XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Tostarteko denok prest!- agindu zuen Achabek bigarren ofizialaren besoa bere bizkar gainetik kenduaz.

Txalupak aurrera zihoazen.

Laster agertu ziren tiburoiak.

Itsas abere hauek askotan ikusi ohi dira bale txalupei lagunduaz.

Baina haiek ziren Moby Dick begiztatu genuenetik lehenen hurreratu zitzaizkigunak.

Achaben txalupa bakarrik hartu zuten erdian: badaiteke hango tostartekoak horiak zirelako eta heuren azala gurea baino usaintsuago delako...

Zeroia urperatu egin zen. Gizon guztiak geldi geratu ziren bestetan bezala.

Tupustean Achab-en untzixka inguratzen zuten urak harrotzen hasi ziren.

Bertan izugarrizko mukurru bat jaiki zen uretatik eta berriz ere urperatu egin zen.

- Aurrera!- dehadar egin zuen Achab-ek.

Txalupek eraso egin zioten.

Baina Moby Dick, bezperan sartu zizkioten burniek eragiten zioten minez amorro biziak eraginda zebilen.

Bere buruaz txalupa denak astintzen hasi zen.

Jo bat eta jo bestea, buztanarekin ura harrotzen zuen bitartean, han sakabanatu zituen txalupak, gizonak, sokak eta arpoiak.

Achabena bakarrik utzi zuen ukitu gabe.

Dagoo eta Queequeg beren txalupen zuloak txantoltzen * Txantoldu: zuloak oholez estali ari ziren bitartean, balea albotik igaro zen bere alde bat oso osorik erakutsiaz eta une hartan guztiak aho batez oihu lazgarri bat egin genuen: aberearen gerruntzean, soka mordoiloan korapilatuta, agertu zen Fedallah-en gorputza erdi aurritua*
Aurritu: zatitu(a)
, bere jantzi beltza xirtzikatuta zuela eta begiak Achab-engana bihurturik zituela.

Honi arpoia eskuetatik erori zitzaion.